Abya Yalara begira jarriko dira Donibanen
Atzotik eta ekainaren 7ra arte, Bixi-Bixi elkarteak antolatzen duen Gora Herriak jaialdia jasoko du Donibanek. Internazionalismoa ardatz duen kultur hamabostaldia da.

Atzotik eta ekainaren 7ra bitartean, Gora Herriak jaialdiaren VIII. ekitaldia egingo da Donibanen. Gora Herriak internazionalismoa ardatz duen kultur hamabostaldi bat da. Zortzi urteko ibilbidea osatu du jada, eta bere helburua beste herrien borrokak eta izateak ezagutaraztea dela adierazi du Xabier Alegria jardunaldien antolatzaile eta Bixi-Bixiko kideak. Aurten Abya Yalara bidaiatuko dute sanjuandarrek. Abya Yala Amerikako jatorrizko herriek euren kontinentea izendatzeko darabilten izena da, eta haiei keinu egingo diete aurtengo kultur hamabostaldian.
Gora Herriak-en lehen ekitaldietan nazio askapen mugimenduetan nolabaiteko prozesu iraultzaile bat gauzatu duten herrialdeen jardunak ekarri zituztela kontatu du Alegriak. Hala, Kuba izan zen Gora Herriak-en lehen herrialde protagonista. Kubaren ondoren, Portugalgo, Saharako, Kurdistango eta Irlandako ibilbideak izan dituzte hizpide Donibanen. Saharako kasuan, Saharako herriaren aldeko talde iraunkor eta aktibo bat du Bixi-Bixik. VI. ekitaldian, baina, mundura begira jarri zirela baietsi du Alegriak, eta migrazio afrikarraren bueltan aritu ziren. Iaz Argentinara begira jarri ziren, baina ez Buenos Airesen bueltan dagoen errealitatera, baizik eta Abya Yalara eta amerindiarretara. Hortaz, jatorrizko herrien eta bertako biztanleen inguruan aritu ziren. Aurten iaz irekitako bideari jarraipena ematen ari dira.
Herrialde horietara gerturatzeko eta internazionalismoaren bideari heltzeko ezagutza funtsezkoa dela nabarmendu du Alegriak. Hori dela eta, herrialde protagonistaren historia zein den kontatu eta haien ametsak, istorioak, literatura, sukaldaritza, dantzak edota musika ekartzen dituzte Donibanera. Horiez gain, herrialde horien politikak edo gatazkak azaltzen dituztela zehaztu du jardunaldien antolatzaileak, eta bakoitzak askapenaren alde egindako borrokaren berri ere ematen dute.
Egitaraua
Aurtengo Gora Herriak martxan da jada, Kultur Aterpeak Abya Yala: aniztasuna eta erresistentzia izeneko hitzaldia jaso baitzuen atzo. Garabide elkarteko Jon Sarasua eta Yuma Forero antropologoa izan ziren hizlariak. Atzokoaz gain, Bixi-Bixiko kideek beste bost hitzaldi antolatu dituzte. Denak Kultur Aterpean izango dira, 19:00etan. Hilaren 27an, Carlos Ruda Nasa herrikoa eta Arkaitz Zarraga ekintzailea, Nasa herriaren eta hango hizkuntzaren biziberritzearen bueltan arituko dira. Hilaren 29an, Leire Artola Argia-ko kazetariak eta Amets Ladislao eta Malu Egiluz Etxalde Mugimenduko eta Via Campesinako kideek amalurra eta emakumeen lidergoa izango dute hizpide; Guatemalako Maia q’eqchi komunitatera begira jarriko dira. Hilaren 30ean, Betania Mendoza argentinarra jatorrizko herrien mundu ikuskerara begira jarriko da.
Azken bi hitzaldiak ekainean izango dira. 2an, mugaz gaindiko herriez arituko dira Roberto Awanari guarania eta Luis Alberto Conejo kitxuarra. Azkenik, 4an, Cira Crespo historialariak eta Celeste Aguero militante argentinarrak dekolonizazioa izango dute hizpide.
Hitzaldiez gain, kulturgintzara begira ere jarriko dira Bixi-Bixikoak. Hilaren 31n, Kontu kantari izenpean, bertso saio musikatu bat jasoko du Juanba Berasategi aretoak, 18:00etan. Jon eta Aitor Sarasuak Beste fauna aunitz bertsolaritza diskoa kaleratu zuten 1995ean, eta Jonen gidaritzapean, Donibanera ekarriko dituzte doinu horiek. Bertsotan Andoni Egaña, Eneritz Artetxe eta Nerea Elustondo arituko dira. Musikaz Jimmy Bidaurreta arduratuko da. Bertso saioko sarrerek 8 euroko prezioa dute, eta Berezi okindegian edo 667 72 21 44ra deituz eskura daitezke. Ekainaren 6an, aldiz, Ingot eta Olloki taldeek kontzertuak egingo dituzte Meipin, 21:30ean.
Gora Herriak-en egun handia ekainaren 7koa izango da, Bixi-Bixikoek azken jai handia ondu baitute Meipin. Itxiera ekitaldian Euskal Herriaren eta jatorrizko herrien arteko konexioa Donibanera ekarriko dutela jakinarazi du Alegriak. Sanjuandarrak 12:30ean jarriko dira martxan, Santiago plazatik aterako den kalejira batekin. Kalejiran Uztaritzeko Ihauterietako kideak eta Ekuadorko Diablada de Pillaro taldea arituko dira. 13:30ean, Elezaharrak, kantuak eta kontuak ikuskizun ibiltaria egingo dute. 14:30ean, sabelak betetzeko txanda izango da, eta hango sukaldaritza presente izango dutela aurreratu du Alegriak. Arratsaldean, ekitaldi nagusia jasoko du Meipik, 17:00etan. Abya Yalatik hitza zuzenean hartuko dute, txalapartariez, bertsolariez eta Lintxua dantza taldeko kideez lagunduta. 18:00etatik aurrera, musika izango da protagonista. Lehenik eta behin, Kolonbiako Ritmo Forastero taldeak Meipi girotuko du. Ondoren, Ustaritzeko Ihauterien txanda izango da. Haien ondoren, Ekuadorko Diablada del Pillaro taldea izango da protagonista. Azkenik, Hija del Nopal DJak Donibanen bildutakoak dantzan jarriko ditu cumbia, salsa, mambo eta bogaloo doinuekin.