Maiatza Antifaxistaren larunbateko kontzertua, bertan behera
Kontzertu horretan parte hartu behar zuen Yakovlev 42 taldeak jakinarazi du ez duela emanaldirik egingo ez duelako bermatzen "guztiontzako gune seguru izatea". Maiatza Antifaxistak bertan behera utzi du kontzertua iragarpen horren ondotik.

Maiatza Antifaxistak hainbat ekintza antolatu ditu hilabete honetan zehar Oarsoaldea eta Bidasoan oldarraldi faxistari aurre egiteko. Hala kantu afariak, hitzaldiak eta liburu aurkezpenak ere egiten ari dira Pasaia, Lezo, Irun eta Errenteria-Oreretan. Ondutako egitarau horren barruan kontzertua zegoen iragarria larunbaterako, Gaztañoko pilotaleku estalian Yakovlev 42, Hellmugan eta Hoben taldeekin.
Gaur bertan jakinarazi du Maiatza Antifaxistak kontzertu hori bertan behera utzi duela, eta azaldu du halaber, Maiatza Antifaxistaren antolakuntza kontzertuaren antolaketaz bereiziko dela.
Atzo bertan zabaldu zuen sare sozialen bidez Yakovlev 42 taldeak kontzertuan parte hartu behar zuela, baina parte hartze hori bertan behera uztea erabaki zuela. Musika taldeak argi adierazi du zabaldutako komunikatu horretan antifaxismoaren izenean antolatutako ekitaldiak guztientzako gune seguruak izan behar dutela uste dutela, “eta antolatzaileetako baten egoera dela eta, uste dugu egoera hori ez dela emango. Horregatik eta defendatzen ditugun ideiekin kontsekuenteak izaten saiatuz larunbatean Antifaxista Egunean ez jotzea erabaki dugu”.
Kontzertua bertan behera uztea “salaketen larritasunak” eragin duela esan du Maiatza Antifaxistak, eta “modu batera edo bestera mindutako pertsonei” barkamena eskatu die.
Antolatutako ekintza sortaren barruan beste hiru hitzaldi egingo ditu Maiatza Antifaxistak datozen egunetan. Horietako lehena, bihar izango da Errenteria-Oreretako Reina aretoan, 19:00etan. Sasi Alejandre kazetariak hitzaldia emango du, Retos ante el fascismo. ¿Dónde nacen las alternativas?
Hilaren 27an San Pedrok hartuko du lekukoa beste hitzaldi batekin Ategorrietako sarraskia 1931-V-27 izango du hizpide Josetxo Otegi historialariak, 19:00etan hasita. Maiatzaren 30ean, azkenik, Errenteria-Oreretako Gaztañoko auzo lokalean 19:00etan, Lander Garciaren hitzaldi musikatua izango da: Euskal gatazkaren soinu banda.