Egitarau oparoa ondu dute herriko eragileek San Marko egunerako
Igandean (hilak 27) izango da San Marko egunaren barruko erromeria, eta San Marko gotorlekuaren inguruan ospatuko dute eguna herritarrek.

Igandean (hilak 27) izango da San Marko egunaren harirako erromeria, eta, ohitura den moduan, aurtengoan ere Bizarain mendiko San Marko gotorlekuaren inguruan ospatuko dute herritarrek. Udala herriko zenbait eragilerekin aritu da elkarlanean egitaraua osatzeko; hala nola, Beti Prest elkartea, CAR, Doike Musika eta Dantza Kultur Elkartea, Herri Arte Eskolako trikiti eta dultzaina taldea, herriko trikitilariak, udal txistulari taldea, Xenpelar Bertso Eskola eta Zamalbide Auzo Elkartea.
Eguneko festa izango da, eta antolatzaileek festa herrikoia izatea nahi dutenez herriko zenbait eragilek urtean zehar egiten dituzten jarduerei leku ematea erabaki dute. Halaber, zehaztu dute bertako produktuen azoka ere egongo dela igandeko hitzorduan; jaki postuak jarriko dituzte gotorlekuaren kanpoaldean, eta barnealdean bestelako artisau produktuak jarriko dituzte. Bertaratzen diren bizilagunek jatekoa eta edatekoa izan dezaten Zamalbide auzo elkarteak kantina jarriko du.
Alabaina, jakinarazi dute eguraldi txarra egingo balu gotorlekuan egingo liratekeela jarduera guztiak.
Eragile ezberdinen artean antolatutako egitarauaz gain, goiz osoan zehar Herri Arte Eskolako trikiti eta dultzaina taldea zein Doike Musika eta Dantza Kultur Elkartea ariko dira erromeria girotzen.
Autobus zerbitzua
Jai girora bertaratzeko autobus zerbitzu berezia jarri dute Morrongileta kaletik San Markoraino. Morrongileta kaletik 10:00etatik 13:40era irtengo da autobusa, 20 minutuero. 16:00etatik 18:40era egingo ditu joan etorriak autobusak 40 minutuero.
Era berean, itzulerako zerbitzuaren berri ere eman dute. San Markotik irteerak 10:20etik 14:00etara 20 minutuero izango dira; baita 16:20etik 19:00etara ere, 40 minutuero.
10:00. Erromeria martxa San Markora Foru Plazatik abiatuta. Bidean muxikoak dantzatuko dituzte. Antolatzaileak: Herriko trikitilariak eta Beti Prest.
11:00etatik aurrera. San Marko igoeraren helmugaratzeak. Antolatzailea: CAR taldea.
11:30. Herri kirolak.
12:00. Musika emanaldia. Antolatzailea: Herri Arte Eskola.
13:00. Bertso saioa Xenpelar Bertso Eskolaren eskutik.
14:30. Haur jolasak.
16:00. Musika emanaldia. Antolatzailea: Doike taldea.
16:30. Txokolatada. Antolatzailea: Zamalbide auzo elkartea.